Sute batek erabat kiskali du Campofrioren Burgoseko lantegia

Sute batek erabat kiskali du Campofrio multinazionalak Burgosen duen lantegia. Dagoeneko, suhiltzaileek sua kontrolpean dute, baina oraindik ere beste pare bat egun beharko dituzte garrak erabat itzaltzeko.

Inor ez da zauritu, baina sutearen ondoren sortu den ke toxikotik babesteko, 400 pertsona inguru etxetik atera dituzte.

Dena den, garrak kontrolatu eta airearen kutsadura maila neurtzeko analisiek negatibo eman ostean, amoniako partikularik gabe, etxera itzultzeko baimena eman diete bizilagunei. Hala ere, etxe barruan egoteko eta leihoak itxita mantentzeko aholkatu diete.

Su-garrak 06:45ean piztu dira, oraindik argitzeke dauden arrazoiak tarteko. Lehen hipotesien arabera, zirkuitulabur batek piztu du sua, baina lantegi barrura sartu arte itxaron beharko dute ikertzaileek informazio gehiago eskuratzeko. Oraindik ere suhiltzaileak lantegi barruan lanean ari dira, eta ezinezkoa da barrura sartzea.

Javier Lacalle Burgoseko alkateak azaldu duenez, Campofrioren lantegian leherketarik izan ez bada ere, «erabat suntsituta gelditu da». Aipaturiko lantegian 1.000 lagunek egiten dute lan, eta Campofriok Burgosen etorkizuna izan dezan «ahal den guztia» egingo duela iragarri du Burgoseko Udalak.

Campofrioko zuzendaritzak bilera egin du langileekin

Campofrio enpresako zuzendaritzak langileekin bilera egin du, eta bertan azaldu die beharrezkoak diren jokaerak egingo dituztela ekoizpena «lehenbailehen» abiarazteko.

Multinazionalak ohar bat bidali du hedabideetara, eta lasaitasun mezua zabaldu nahi izan die langileei, bezeroei, hornitzaileei eta kontsumitzaileei. Halaber, eskerrak eman ditu erakunde publikoen artetik jaso duen babesagatik.

Enpresako agintariak suteak eragin dituen kalteen jakitun dira, baina produktuen hornidura Espainian eta beste herrialdeetan bermatzeko beharrezko neurriak hartu dituztela iragarri dute.

www.eitb.com

Esta entrada fue publicada en Sin categoría. Marque como favorito el Enlace permanente.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *