- Gas Natural Fenosa enpresako segurtasun zuzendari José Luis Bolañosek “denbora kontua den” hurrengo ziber-erasoa oztopatzeko antolakuntza, prebentzio eta prestakuntza handiagoa eskatu du
- Aguas de Valenciako iraunkortasun zuzendari Juan Luis Del Pozok azpiegitura kritikoak (gasa, ura, elektrizitatea) babesteko neurriak, eraso edo hondamendi baten aurrean bada ere, azpiegituren funtzionamendua ziurtatzera zuzenduak egon beharko luketela defendatu du
- Larrialdietako Unitate Militarreko (UME) teniente koronel Benjamín Salvago Gonzalezek ahal bezain zabalak diren mapen prestakuntza nabarmendu du hondamendiei aurrea hartzeko modu gisa. Mapa horiek orografia, gune arriskutsu, azpiegitura kritiko, meteorologia eta biztanleria datuak jasoko lituzkete
- Azken jardunaldia honetan, “Patxi Sánchezen oroimenezko saria” jaso du Larrialdietako Unitate Militarrarak (UME)
Arrisku eta Larrialdien kudeaketari buruzko XI. Jardunaldietan parte hartu duten adituek bat egin dute “denbora kontua dela” ziberterrorismo eraso berria jasatea, eta honi aurre egiteko antolakuntza eta prebentzio handiagoa eskatu dute. Horrez gain, jardunaldien bigarren egunean, babes zibilak hondamendi handietan laguntzeko dituen beharrak aztertu dituzte hizlariek.
Gas Natural Fenosa enpresako segurtasun zuzendari José Luis Bolaños gizartea gasaz, uraz eta elektrizitatez hornitzen dituen azpiegitura kritikoek larrialdiei aurre egiteko eta hornikuntza berreskuratzeko eta mantentzeko duten erantzukizunaz aritu da. Ezbehar naturalez gain, ziberterrorismoa aztertu du arriskuen artean, eta gizartea mehatxu berri honen aurrean prestatzea ezinbestekoa dela ziurtatu du.
Bolañosek nabarmendu duenez, mundu digitalean beti egongo dira ziberterroristek, antolatutako delinkuentziak, hacktibistek eta baita gobernuek ere eraso ditzaketen puntu ahulak. Eta saihestezina izango den hurrengo erasoaren aurrean ziurtatu du “erakundeak prest egon behar dutela”. 99 herrialdetan eta milaka enpresatan kalteak eragin zituen joan den asteko “ransomware” bidezko erasoari buruz, segurtasun adituak faltan bota du gizartearekin komunikazio hobea mantendu ez izana: informazioa eta lasaitasuna adieraziz komunikabide fidagarrietatik igorritako mezu azkarren bidez, besteak beste.
Jardunaldietan, Aguas de Valenciako iraunkortasun zuzendari Juan Luis Del Pozok mundu digitalaren arriskuen aurrean “denak garela erasotzeko errazak” azpimarratu du. “Segurtasuna beti da erlatiboa” baieztatu du, eta azpiegitura kritikoak babesteko neurriak, larrialdi edo istripu baten aurrean “egoera motelean edo ahulean bada ere”, azpiegituren funtzionamendua ziurtatzera zuzenduak egon beharko luketela defendatu du.
Era berean, Germanwings kasua aipatu du hizlariak, pilotu batek eragindako istripuan 150 hildako izan zituen hegaldiaren kasua, alegia. Honela, alderdi pertsonala ere hizpide izan da eta babes-sistemek gizakiaren akatsa edo sabotajeari aurre egiteko prest egon beharko luketela adierazi da hitzaldian.
Babes zibila eta etorkizuna
Jardunaldien lehen zatia babes zibilaren sistemen eta beharren analisian zentratu da. Larrialdietako Unitate Militarreko (UME) teniente koronel Benjamín Salvago Gonzalezek “adimenaren garrantzia” nabarmendu du. Hau da, hondamendi handien aurrean prest egoteko helburuarekin datuen lanketan eta analisian oinarritutako adimena, alegia.
Hondamendiari aurre egiteko jarraibideen artean, Savagok ahal bezain zabalak diren mapen prestakuntza nabarmendu du hondamenari aurrea hartzeko modu gisa. Mapa horiek orografia, gune arriskutsu, azpiegitura kritiko, meteorologia eta biztanleria datuak jasoko lituzkete. Datu horiek, hondamendiaren eta analisi operatiboaren informazioarekin batera, erabaki eraginkorragoak hartzea ahalbidetuko lukete.
Bestalde, Madrilgo SUMA 112ko Hondamendi eta Egoera Berezien Departamentuko koordinatzaile eta mediku arduradun María de los Angeles Semprún Guillének, eta Madrilgo komunitateko Babes Zibileko lehendakariorde Carmen Martin Curtok bat egin dute larrialdi batean parte hartzen duten langileen koordinazioa azpimarratzeko orduan.
Martin Curtok gizarteari helarazten zaion informazioa hobetzea beharrezkoa dela gehitu du eta, adibide moduan, hezkuntza programan lehen sorospenak eta babes zibileko planak lantzea proposatu du. Horrez gain, segurtasun gaiari buruz gehiago jakin beharko luketen lanbideak aipatu ditu, larrialdi taldeen profesionalak eta komunikabideak barne.
Patxi Sánchezen oroimenezko saria
Larrialdietako Unitate Militarrarak jaso du “Patxi Sánchezen oroimenezko saria” jardunaldien koordinatzaile nagusi Fernando Larrañagaren eskutik. UMEko Estatu Nagusiko koronel buru den José Manuel Vivas Urietak jaso eta eskertu du saria eta golardoak unitateak laguntzeko duen bokazioa indartzen duela adierazi du.