- Jaime Rochas ur sorosleak eta Basque LifeGuards taldeko kideek Greziako errefuxiatu krisiari buruzko kronika gogorra aurkeztu dute, eta errefuxiatu eremuak “milaka lagunek lokatzean eta aterperik gabe lo egiten duten kartzela” bezala deskribatu dituzte.
- Segurtasun zuzendari eta larrialdietako garraio sanitarioan teknikari Iñigo Mendozak instituzioen konpromisoa eskatu du arrisku eta larrialdien prebentzioan, eta kontzientzia faltaz ohartarazi du, “larrialdirik gertatu ez bada inbertsioa alferrik egin dela” uste baitute askok.
- VOST Euskadi elkarteak Esfortzuaren eta Berrikuntzaren III. Saria jaso du larrialdi egoeretan egiazko eta berehalako informazio baliagarria zabaltzearen alde egindako lanagatik.
“Zero azpiko sei edo zazpi graduko tenperaturek eta errefuxiatu eremuetako baldintza penagarriek ez zuten egoera errazten. Gune horiek 1.000 pertsonarentzako lekua zuten, baina 3.000 iheslari hartzen zituzten egun batzuetan”. Horrela deskribatu du Basque LifeGuards taldeko ur sorosle Jaime Rochasek Greziako Lesbos irlan errefuxiatu krisiaren momentu larrienean egindako egonaldia. “Milaka lagunek lokatzean eta aterperik gabe lo egiten duten kartzela zen eremua. Poliziaren kontrola izugarrizkoa zen eta janaria, oso eskasa”, gehitu du Rochasek.
Zarauzko eta Orioko boluntarioak biltzen dituen GKE honetako kideen testigantza ezagutzeko aukera izan da astelehenetik Donostian burutzen ari diren Arrisku eta Larrialdien Kudeaketari Buruzko Jardunaldien baitan. Salbamendu taldeko lagunek “esperientzia gogor baina aberasgarriak” bizi izan dituztela adierazi dute. Izan ere, emandako laguntza garrantzitsu eta aberasgarriari esker errefuxiatu guztiak kostara onik iristea lortu zuten. Bestalde, lehorrera iristen zirenen egoera tamalgarria deskribatu dute sorosleek: “Oso gogorra izan zen hondatutako familiak ikustea; ume txikiak, zaharrak, haurdun zeuden emakumeak hipotermiarekin edo konorterik gabe”.
Rochasek azaldu duenez, Lesboseko bidaiaren ideia “naufragioen berriekin bururatu zitzaigun, lagun genezakeela ikusi baikenuen”. Hegats eta neoprenoak hartu eta lehen bidaia egitera abiatu ziren abendu hasieran, inongo finantziaziorik gabe. Batez ere gauetan egiten zuten lan, orduan iristen baitziren ontziak geldiaraziak ez izateko helburuarekin. Sorosleek azaldu dutenez, irlara iritsi zirenean boluntariorik ez zegoen eta egunero 20 eta 25 itsasontzi inguru jasotzen zituzten. Kosta zelatatzea zen beraien lana, baita ontziak eremu seguruetara eraman eta jendea ateratzen laguntzea ere. Batzuetan, erregairik gabeko itsasontziak hondartzara bultzatu behar izaten zituzten.
Lehen bidaia horretan ikusi zuten baliabide gehiagorekin bueltatu behar zirela, eta senideen eta lagunen laguntza ekonomikoari esker erositako ur motoarekin eta DYAk mailegatutako anbulantziarekin, bigarren aldiz abiatu ziren Greziara. Bisitaldi hori oso desberdina izan zen, pixkanaka, GKE handiak eta militar ugari heltzen hasi zirelako. Rochasek onartu duenez, otsailean Euskadira bueltatzearen arrazoi nagusi izan ziren hara hurbildutako erakundeen prestakuntza bikaina eta, batez ere, militarren presentzia handia. Izan ere, errefuxiatuen inguruko Europako lege berriarekin, indar armatuek itsasontziak gelditzeko, portura eramateko eta tripulatzaileak euren herrialdetara berehala bueltarazteko eskubidea bereganatu zuten. Neurri horiek sorosleen lana oztopatu zuten, baita boluntarioak errefuxiatuekin harremanetan jartzea saihestu ere, militarrek jaso eta berehala bueltan bidaltzen baitzituzten momentu hartatik aurrera.
Larrialdiak vs. ekitaldiak
DYAko segurtasun zuzendari eta garraiobide teknikari Iñigo Mendozak arriskuen prebentzioari buruzko hitzaldia eskaini du. Hiritarren nahiz administrazioaren konpromisoa eskatu du, eta orokorrean kontzientzia falta dagoela salatu du. Jendea prebentzio zerbitzuetan «inplika dadin lortzea» garrantzitsua dela azpimarratu du, eta, beharrezko baliabideak eskura jartzeko garaian, erakunde eta sustatzaileen kolaborazioa eskatu du. Kontzientziazioa falta da, «larrialdirik gertatu ez bada inbertsioak ez duela ezertarako balio izan» uste baitute askok, adierazi du Mendozak.
Adituak ezagutzera eman du zein neurri hartu behar diren ekitaldi mota desberdinetan, prebentzio zerbitzuen araudiaren arabera; eta «auto-babes arauak» nabarmendu ditu, arrisku eta larrialdiak prebenitzeko erreminta gisa. Adituaren aburuz, dokumentu horrek segurtasun gaietan inprobisazioa ekiditen laguntzen du, eta ager daitezkeen arriskuak baloratzeko aukera ematen du biztanleria istripu potentzialez babesteko estaldura minimoa eskaintzeko helburuarekin.
Programatutako ekitaldietan aurretiko segurtasun plangintza burutu daiteke; adibidez, Hondarribiko Alardean, kontzertu jendetsuetan, maratoi batean edo prozesio batean. Hala ere, bestelako larrialdiak ere kontuan hartu behar dira, «egunero 112 telefonoan jakinarazten direnak» hain zuzen. Horiek ezin dira prebenitu eta, ekitaldi handi baten une berean gertatzen badira, martxan dauden segurtasun neurriekin talka egin dezakete.
Esfortzuari eta berrikuntzari saria
Larrialdietarako boluntario digitalen VOST Euskadi elkarteak jaso du Esfortzuaren eta Berrikuntzaren III. Saria, lan handia egiten baitute arrisku egoeretan informazio erabilgarria, egiazkoa eta berehalakoa zabaldu asmoz. Elkarteko presidente Jokin Zubieta oso pozik agertu da «modu altruistan egiten den lan hau aintzat hartu» dutelako. 2012an sortu zen VOST Euskadi eta boluntarioen nazioarteko sarearen barne dago. Diziplina anitzeko profesionalak elkartzen ditu: babes zibilekoak, larrialdietakoak, segurtasunekoak, sanitarioak, kazetari espezializatuak eta analista informatikoak. Babes zibileko aholkuak ematen dituzte, baita sare sozialetan segurtasunez jarduteko jarraibideak ere.