Euskadiko azaleraren %50 baino gehiago dago lur-jausi arrisku eremuan

  • Luizietan aditu Antonio Aretxabalak lur-irristatzeen erantzule nagusiak administrazioak direla adierazi du, eta irristatzeek eragiten dituzten giza- eta ekonomia-kostuez ohartarazi du
  • Deustuko Unibertsitateko irakasle Rogelio Fernandezek esperientzia traumatikoek eragiten dituzten erreakzioak landu ditu, eta arrisku egoeretan gizakiak “animalia bezala” erantzuten duela defendatu du
  • Sonja Massimo larrialdi psikologoak “zero gunean” dauden profesionalen helburua “sufrimendua arintzea eta traumaren sendatze prozesu naturala azkartzea” dela azaldu du

Euskadiko azaleraren 50% baino gehiago dago lur-jausi arrisku eremuan, Donostiako eta Bilboko hiriguneak barne. Honela baieztatu du luizietan aditua den Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Laborategiaren zuzendari tekniko Antonio Aretxabalak Donostiako Arrisku eta Larrialdien Kudeaketari Buruzko Jardunaldietan. Aretxabalak luizi arriskuen analisia egin du eta lurraren mugimenduak Euskadin eragiten dituen arrisku larriez eta kostu ekonomikoez ohartarazi ditu bertaratuak.

Foto_JuanArraiza_VICOMTECH_IK4

Hizlariak lur-irristatzearen erantzule nagusiak administrazioak direla adierazi du, berreraikuntzarekin etekin ekonomikoak atera eta epe laburrerako sostengatze artifizialak ezartzen baitituzte. Behin-behineko irtenbide horiek barne-produktu gordinean hartzen dira kontuan eta, era horretan, ekonomiaren hazkunde-tasa handitzen dute. Adibide moduan, Fukushimako hondamendiak bilioi erdi euroko inbertsioak eragin zituen eta Japoniako barne-produktu gordina nabarmenki handiagotu zuen, nahiz eta irabazi errealik ez egon.

Bestalde, luizi eta lur-irristatzeen ondoriozko urteroko gastua oso aldakorra izan arren, 200 eta 500 milioi bitartekoa izaten dela nabarmendu du adituak. Euriak eragindako luiziak dira kostu altu horien eragile; izan ere, arrisku faktore handia da euria, mendi-hegalak malda ezegonkor bihur baititzake. Zentzu horretan, Aretxabalak apenas ezagutzen dugun eta kontrola ezina den ingurunea zein punturaino aldatzen ari garen hausnartzera animatu ditu entzuleak. Ezegonkorra den ingurune naturalak gizakiaren aldaketa jasaten duenean, indusketen edo urbanizatzearen bitartez adibidez, kostu ekonomikoez gain bizitzak ere gal daitezkeela gaineratu du Aretxabalak. Izan ere, 10 eta 20 pertsona bitartean hiltzen dira urtero, milioika metro kubiko lur mugitzen direnean gune menditsuetan sortzen den ezegonkortasunaren ondorioz.

Larrialdietako psikologia

Deustuko Unibertsitateko irakasle den Rogelio Fernandezek esperientzia traumatikoek eragiten dituzten erreakzioak landu ditu, eta, larrialdi momentuetan, “pertsona animalia bezala” ulertu behar dela adierazi du, “arrazionala baino gehiago, emozionala” baita. Hizlariaren iritziz, momentu horietan “pertsonak ez du jokatzen egunerokotasunean bezain era kognitibo” eta zuhurrean, eta borroka, ihesa eta gelditasuna dira erantzun ohikoenak. Egoera arriskutsuak modu egokian kudeatzeko, “gizakiak senti ditzakeen emozioak ezagutzea” garrantzitsua dela gehitu du Rodriguezek, “emozio horiek pertsonak burutu ditzakeen mugimenduak erabaki ditzaketelako”.

Gipuzkoako Psikologoen Elkargoko larrialdietarako taldearen koordinatzaile Sonja Massimo larrialdietako psikologoen funtzioen inguruan aritu da, eta profesional horien helburu nagusia “hondamendia gertatu den lekuan biktimaren tentsio psikikoa arintzea” dela azaldu du. Istripuaren gunean biltzen diren polizia, suhiltzaile, mediku forentse eta gainerako langile taldeekin koordinatzearen garrantzia nabarmendu du, gainera, larritasun egoeran sortutako kaosa gutxitu dadin.

Foto_RobertoCalvo_TEKNIKER-IK4

Massimok istripuaren “zero gunean” psikologoak bete beharreko bi helburu garrantzitsu aipatu ditu. Epe laburrean, “sufrimendua arintzea eta traumaren sendatze prozesu naturala azkartzea” da profesionalaren helburua. Horretarako, “lehen laguntza psikologikoa” berehala eman behar zaio biktimari geroagoko ondorio psikologikoak murriztu asmoz.

Psikologoak epe luzerako helburuak aipatu ditu ondoren, esperientzia gogor horiek denborarekin azaltzen diren ondorioak izaten baitituzte. Zentzu horretan, profesionalek sortu daitezkeen arrasto psikologikoak tratatu behar dituzte, baita estres postraumatikoaren, dolu patologikoaren eta depresioaren agerpena saihesten saiatu ere, banakako nahiz taldeko psikoterapia tratamenduen bitartez.

Massimok larrialdietako psikologoaren lana oso gogorra dela jakinarazi du azkenik. Hori dela eta, langileek ezaugarri bereziak izan behar dituzte biktimei era egokian laguntzeko eta, aldi berean, ondorio emozional larriak ez sufritzeko. Izan ere, psikologoak adierazi duen moduan, hondamendi batzuek edo gorpuen identifikazioa bezalako egoerek inpaktu bortitza eta ondorio psikologikoak eragin ditzakete langileengan. Ondorio horiek “psikologoaren auto-languntzarako aholkuekin” leundu daitezke, taldean lan eginez eta maiz atseden hartuz. Larrialdi gunean esku hartzen duen kolektibo orori zabaldu beharko litzaizkioke jarraibide horiek.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *