“Hondamendien atzean pertsonaren hanka-sartzea egoten da gehienetan; ezin dugu saihestu, baina bai kalteak txikiagotu”

  • Oroimenezko Patxi Sánchez Saria jaso duen Vicent Pons i Grau ingeniari industrialak “kontrolatu beharreko arrisku handiena pertsonaren jarrera” dela baieztatu du, eta azaldu du geure gaitasunean dugun “gehiegizko konfiantza” dela istripuen eragile nagusia, eta ez ezjakintasuna. 
  • UABko Psikologia Fakultateko Krisialdietarako Zentroaren zuzendari Ingeborg Porcar Beckerrek uste du larrialdien arretarako sektorearentzat oso lagungarriak direla unibertsitateko online ikastaroak, prestakuntza mota horrek krisi egoeretan ezinbestekoa izan daitekeen informazioa era erraz eta azkarrean zabaldu baitezake. 
  • Arrisku eta Larrialdien Kudeaketari Buruzko Jardunaldien antolatzaileek hamargarren jardunaldien oso balorazio positiboa egin dute eta segurtasunaren inguruko tailerretara gerturatutako ikasle kopuru handia nabarmendu dute: 300 bat neska-mutil.

 

“Teknologiaren garapenak arrisku berrien agerpena ekartzen duenez, eta saihestezinak diren istripuak ere sorrarazten dituenez, gelditzen zaigun aukera bakarra hondamendien kalteak txikiagotzen saiatzea da”. Iritzi hori du Vicent Pons i Grau ingeniari industrialak, eta istripu gehienen jatorria pertsonek geure gaitasunean dugun “gehiegizko konfiantzak” eragindako hanka-sartzeetan dagoela ziurtatu du.

_MG_0311

Jardunaldietan eman duen hitzaldiaren ondoren Oroimenezko Patxi Sánchez Saria jaso duen Pons i Grauk baieztatu du “kontrolatu beharreko arrisku handiena pertsonaren jarrera” dela. Hitzaldian azaldu duenez, teknologia forentsearen helburua, “egiten duguna egiten dugula ere, saihestezina den hanka-sartzearen ondorioak ahal bezain arinenak izateko aukerak bilatzea” da.

Pons i Grauen arabera, zentral nuklearrak eta industria petrokimikoa dira gure inguruan ditugun arriskurik handienak. Adibide moduan aipatu ditu errore batek sor ditzakeen eta jendea kaltetu dezaketen laino toxikoak. Hala ere, arrisku teknologikoa “nahiko kontrolatua” dagoela gaineratu du, segurtasun neurrien zorroztasuna gero eta hobea baita.

Hizlariak adierazi du prebentzio planek ez luketela saiatu behar “goiz edo berandu gertatuko den istripua gelditzen, baizik eta gertakizunaren kalteak txikiagotzen”. Zentzu horretan, marea biziek Donostian eragindako uholdeez aritu da, eta ohartarazi du berriro gertatzen denean prestatuta egotea dela aukera bakarra kalteak ahal bezain txikiak izan daitezen.

Gaur egin diren hitzaldiek eman diete amaiera UPV-EHUk, Donostiako Suhiltzaileek, Udaltzaingoak eta MARSHek babestutako Arrisku eta Larrialdien Kudeaketari Buruzko X. Jardunaldiei. Antolatzaileek hamargarren jardunaldi hauen oso balorazio positiboa egin dute, eta DBHko ikasleei zuzenduriko segurtasun tailerretan egon den ikasle kopuru handia nabarmendu dute. 300 bat gaztetxo gerturatu dira astean zehar UPV-EHUko Korta eraikinaren kanpoaldean ezarritako karpara. Bertan, beste formakuntzak tarteko, lehen laguntzak emateko ikastaroa eta sute egoera batean zer egin ikasteko jarraibideak jaso dituzte neska-mutilek. Josu García, jardunaldien antolatzaileetako bat, oso pozik agertu da ikastaroek tutoreen eta ikasleen artean izan duten harrera onagatik: “Normalean klasean egiten ez dituzten praktikak eskaini dizkiegu, eta zirrara handia eragin diete ariketek”. Tailerrez aparte, emandako hitzaldien maila altua eta profesionaltasuna ere azpimarratu dute antolatzaileek. Mintzaldietako asko doktorego tesien edo Europak finantzatutako zentro teknologiko garrantzitsutako ikerketen parte ziren.

 Larrialdietarako psikologiari buruzko online prestakuntza

Lurrikara, uholdea edo bestelako hondamendia gertatzen denean, munduko edozein puntutan, internet bidezko prestakuntza lagungarria izan daiteke krisiak hobeto kudeatzeko. Hala uste du Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Psikologia fakultateko Krisialdietarako Zentroaren zuzendari Ingeborg Porcar Becker-ek. Gaur eskainitako hitzaldian, lehen sorospen psikologikoen ikastaroko koordinatzaile eta irakasle moduan bizi duen esperientzia azaldu du. Programa hori 115.000 ikasle baino gehiago dituen plataforma digital baten bidez eskaintzen da. Aditu honen arabera, larrialdien arretarako sektoreak abantaila handia topa dezake unibertsitateko online ikastaroetan, MOOC (Massive Open Online Courses) izenekoetan. Izan ere, ubikuotasuna, eraginkortasuna eta moldakortasuna eskaintzen dituzte, eta egoera jakinetan oso erabilgarriak diren edukiak modu errazean zabaltzeko aukera ematen dute.

Ingeborg

Adibide moduan, Nepalek iaz izandako lurrikara aipatu du, baita Ekuadorren duela gutxi gertatutakoa ere. Azken horretan laguntzeko xedez, biktimen osatze psikologikorako larrialdi kit-a eskuragarri jarri dute, Porcar-ek koordinatutako ikasketa-programaren bitartez, eta mila pertsona inguruk deskargatu dute. Birtualki partekatutako bideoei eta prestakuntza-materialari esker, gertakariaren eremuan zeuden pertsonek jarraibideak jaso ahal izan zituzten biztanleriari arreta psikologikoa emateko. Laguntza hori oso garrantzitsua dela nabarmendu du adituak; izan ere, estres sintoma larriak denboran luzatzea ekidin liteke lehen sorospen egokiekin. Hondamendi baten aurrean, “ia edonork du, hasieran, estres larriko erreakzioa”. Psikologiaren esanetan, “%60k gainditu egiten du egoera hori eta %40k estres postraumatikoa garatzen du”. Kalitatezko arreta jaso izanak edo ez alde batera edo bestera makurtzen du balantza.

Azkenik, online prestakuntzak “prentsa txarra” duela onartu du hizlariak; batik bat, larrialdietarako heziketa bezalako sektoreetan. Baina iraganeko hanka-sartzeen ondorio dela pentsatzen du. Irakaskuntza-eredu berrien arabera, “online euskarriaren neurrira egina dago edukia, eta hezkuntza presentziala (azterketak) eta ez presentziala (nazioarteko aditu ezagunek emandako hitzaldiak) uztartzen ditu.

May 28, 2016

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*