Arriskuen eta Larrialdien Kudeaketari Buruzko XIII. Jardunaldiak gaur aurkeztu dira Donostiako Udalean. Maiatzaren 28 eta 29 bitartean burutuko diren jardunaldiek egoitza berria izango dute aurten, Victoria Eugenia Antzokiko Klub Aretoan gauzatuko baitira. Era berean, aurreko urteetan bezala, ariketa praktikoa antolatu da maiatzaren 30ean, Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialaren laguntzarekin.
Aurtengo edizioan hainbat gai jorratuko dira: auto-babes planen antolakuntza, indarkeria laborala, eraldaketa digitalaren garrantzia larrialdien kudeaketan, klima-aldaketa, Big Dataren etika, eta lan munduko erantzukizun zibil eta penala.
Maiatzaren 28an eta 29an emango diren hitzaldietan profesional ospetsuek hartuko dute parte, eta arriskuen eta larrialdien kudeaketaren etorkizuneko erronkei buruz duten iritzia azalduko dute. Hitzaldien ondoren solasaldia egongo da, galderak eta informazio eta esperientzia trukea sustatzeko.
Gaur goizean Donostiako Udalean emandako prentsaurrekoan honako ordezkariek hartu dute parte: Donostiako Udaltzaingoen komisario buru José Anta, jardunaldien zuzendari tekniko Josu Garcia, Gizarte Ekintzako zinegotzi Aitziber San Román, Ogasuneko eta Finantzetako zinegotzi ordezkari Jaime Domínguez Macaya eta Donostiako Suhiltzaileen ofizialorde Javier Pujol.
PDF: https://gerenciariesgosyemergencias.eu/wp-content/uploads/2019/05/notaprensa2019eu.pdf