Sutea piztu da gaur goizean Jundizko industrialdean, Gasteizen, eta papera birziklatzen duen enpresa baten sei pabiloi kiskali dira, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
3.000 metro koadroko azalera hartzen duten pabilioi horien azpian, gainera, 40.000 litro gasolioko biltegia dago, eta suhiltzaileek, ezer baino lehen, aparra bota dute gainera suak erregaia uki ez zezan.
Segurtasun Sailak eta suhiltzaileek azpimarratu dutenez, orainarrisku nagusia ondoko pabiloi batean dago, pneumatikoak gordetzen dituen pabiloi batean, eta sua bertara ez iristeko lanean ari dira buru-belarri.
Sua 05:20 aldera piztu da, eta gertuko enpresa bateko segurtasun arduradunak eman du abisua. Suhiltzaileak bertaratu dira, eta dagoeneko lortu dute sua beste enpresa batzuetara ez zabaltzea eta kontrolpean dute. Lekukoek jakinarazi dutenez, hainbat leherketa entzun dira. Gasteizko suhiltzaile guztiak deitu dituzte sute horren ondorioz.
Segurtasun Sailaren esanetan, sute «handia» izan da, baina sua piztu denean ez zegoen inor Escor enpresan lanean.
Birziklapen fabrika honetako 15 langileak enpresak Gasteizen dituen beste lantoki batzuetara eraman dituzte.
Sutea sute, Jundizeko poligonoko jarduera ez da eten, langileak bertaratzen hasi direnerako sua ia kontrolpean baitzuten suhiltzaileek.
Oraingoz ez dakite sutea zerk eragin duen, suhiltzaileek oraindik ez dute eta erabat itzali. Amaitzen dutenean, Ertzaintza sartu egingo da eta ikerketa abiatuko du.
www.eitb.com & www.elcorreo.com