Behobia-San Sebastian lasterketako gertakari larrienak tenperatura altuekin lotuta daude; ez azterketa medikoen faltarekin

Azken urteotan Behobia-San Sebastián lasterketan erregistratu diren larrialdiak tenperaturarekin lotuta daude; izan ere, kasu batzuetan, gehiegizko esfortzuak eta aklimatazio eskasak bero kolpeak eragiten dituzte, batik bat tokiko korrikalarien artean. Arriskuen eta Larrialdien Kudeaketari Buruzko XII. Jardunaldien barnean, frogaren plangintza-arduraduna den Iñigo Etxeberriak adierazi du 15 graduko tenperaturatik aurrera arazoak biderkatu egiten direla urtetik urtera, aztertutako datuen arabera. Gainera, aditzera eman duenez, ez dago harreman zuzenik korrikalarien entrenamendu mailarekin edota egindako azterketa medikoekin. Azpimarragarria da azken urteotan hil diren lau korrikalariek azterketa medikoak egin zituztela eta kirolari gisa eskarmentu handia zutela. Hala ere, bihotzeko arazoengatik zendu ziren horietako bi, eta besteak bero handiaren eraginez. 

Etxeberriak dio parte-hartze tasa altua dela eta, “iragarritako ordu eta eguna dituen katastrofea” bilakatzen da lasterketa. Beraz, antolakuntza eta logistika, 2.000 boluntario ingururen laguntzarekin batera, arriskuak txikiagotzeko oinarrizkoak direla gehitu du.

Gainera, antolakuntzak jakinarazi du “ura nahitaez edatea, nahiz eta egarri ez izan” okerreko aholkua dela. Izan ere, azkeneko frogetan hiponatremia kasuak antzeman dira; hau da, bero kolpearen antzeko sintomak azaleratzen dituen eta odoleko sodioaren beherakada sortzen duen desoreka.
Arriskuak kontrolatzeko aukeren artean, gorputzaren tenperatura gradu zehatz batzuen gainetik igotzerakoan kronometrajea etetea planteatzen dute lasterketaren antolatzaileek. Horrela, egoera klimatologikora moldatu ez badira ere, nolanahi ere euren helburuak erdietsi nahi dituzten kirolariak presionatuta senti ez daitezen nahi dute.

Lasterkarien sentsibilizazioa areagotzeko, Behobiak aplikazio bat sortu du, korrikalari bakoitzak jarraitu beharreko erritmo gomendagarria jakin dezan, eurak markatutako helburuaren eta lortu nahi duen markaren arabera. Tenperatura eta haizea ere kontuan hartzen ditu aplikazioak.
Etxeberriak gogorarazi du Behobiako aditu-batzordeak nahiz Goteborg-eko Konferentziak
-munduan ospe handiena duten maratoiak barne hartzen dituena-, gauza bera ondorioztatu dutela: azterketa medikoak baino garrantzitsuagoa dela lasterketaren erritmoa egoera klimatologikoetara moldatzea.

Ekitaldi publikoetako segurtasun planei buruzko saioaren ondoren, suteen aurrean eraikinen segurtasuna bermatzeari buruz eztabaidatu dute hizlariek, bereziki solairuen jasoduraren bitartez handitutako eraikinen inguruan, araudia betetzea zaila izaten baita kasu horietan.

Arratsaldean, aldaketa klimatikoaren eraginaz mintzatu dira adituak. Berotze globalak muturreko fenomeno meteorologikoak, osasun arazoak edo migrazioak eragingo ditu, beste ondorio askoren artean, eta horiei aurre egiteko larrialdi zerbitzuen aurretiko antolaketa beharrezkoa dela argitu dute. Jardunaldiari amaiera eman diote larrialdi egoeretan lantaldeak koordinatzearen zailtasunaz aritu diren adituak. Egoera horietan langileen antolakuntza arazo bilakatzen da. Ondorioz, ezinbestekoa izaten da aurrez egindako lana, larrialdi-simulazio ariketak barne.

Ahaleginari eta berrikuntzari saria

Inaugurazio egunean, Kemen elkarteari eman zaio Ahaleginari eta Berrikuntzari saria. 1994an sortutako desgaitasuna duen pertsonen kirol taldeko antolatzaile nagusia den Fernando Larrañagak eskaini dio golardoa Fernando Odriozolari, Kemen-en izenean.

May 29, 2018

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *