«Drone-en erabilerak segurtasun indarrei eta larrialdi taldeei biziak salbatzen laguntzen die»

  • Drone-etan eta ikerketa kriminalean aditu Angel Rodriguezek aparatu hauek erreskate, salbamendu, larrialdi eta prebentzio lanetan oso eraginkorrak direla ziurtatu du.
  • DBHko ehunka ikaslek segurtasunaren inguruko jarraibideak eta larrialdietan nola jokatu jakiteko prestakuntza jasotzen ari dira egunotan UPV-EHUko Korta eraikineko kanpoaldean kokatua dagoen karpan.
  •  Oscar Herrera kimikariak eta Vicent Pons i Frigola industria ingeniariak petrolioaren eta gas naturalaren erauzketarako instalazioetan “erabat suntsitzaileak diren istripuak” prebenitzeko teknika aurkeztu dute.

  

Drone-etan eta ikerketa kriminalean aditu Angel Rodriguezek, segurtasun indarrek eta larrialdi taldeek drone-ak erabiltzea gomendatu du, aparatu horiek erreskate, salbamendu, istripu eta prebentzio lanetan duten eraginkortasuna ikusita. “Inbertsio txikiarekin, tresna horiei esker biziak salba litezke”.

Aranzadi Zientzia Elkarteko Francisco Etxeberriaren taldekidea den hizlariak Arrisku eta Larrialdien Kudeaketari Buruzko Jardunaldien laugarren egunari hasiera eman dio. Hitzaldian, drone-ek larrialdi egoeretan dituzten erabilera ugariak aipatu ditu: itsasoan edo mendian galdutako pertsonen bilaketa, elurretan harrapatuta geratzen den jendearen salbamendua, suhiltzaileei suteen kontrolean emandako laguntza edo mendi-hegaleko pitzaduren gainbegiratzea, besteak beste.

_MG_1631

Rodriguezek defendatu du Udaltzaingoak, salbamendu taldeek eta suhiltzaileek drone-ak eduki beharko lituzketela, eta bera bezalako boluntarioak laguntza emateko prest daudela gaineratu du; ontzi hegalariak gidatzeko edo euren aparatuak mailegatzeko.

Hitzaldian, Donostia bezalako hirian drone-ek izan dezaketen erabilgarritasunaz aritu da, aparatuen kostua 3.000 eurotik beherakoa dela kontuan hartuta: “bi edo hiru minutu eskasetan iritsi daitezke Kontxatik irlara istripu bat egonez gero, eta hegaldia programatu daiteke aldizka puntu beretatik pasa dadin. Horrela, Pasealeku Berriko pitzadurak era zehatz eta sistematikoan kontrolatzea ahalbidetuko litzateke”. Olatu handien abisuak kudeatzen dituen kontrol gelan pantaila bat ezartzea ere posible izango litzateke, eta era horretan, mareen bilakaera jarraitu ahal izango lukete gelan bildutakoek drone-aren irudiei esker.

Nahiz eta espainiar legeak drone-en ohiko erabilera oraindik ez baimendu, adituak gabezia hori laster konponduko dela ziurtatu du, eta gaur egun larrialdi egoeretan erabili daitezkeela zehaztu du. Adibide moduan, Frantzia eta Suitza aipatu ditu arrisku egoeretan drone-ak erabiltzen baitituzte.

Rodriguezek aurkeztutako drone-etako bat 5 kilometrora urrutiratu daiteke, bereizmen handiko argazkiak eta bideoak atera ditzake, baita GPSan kokapena gorde eta Google Maps-en kokatu ere. Modu horretan, luizi, pitzadura edo sute baten bilakaera jarraitzea posible izango litzateke.

 Larrialdietarako prestakuntza, DBHko ikasleentzat

Ehunka neska-mutil gerturatu dira Arrisku eta Larrialdien kudeaketako jardunaldien antolatzaileek EHUko Korta eraikinaren kanpoaldean ezarritako karpara. Eraikin horretan gauzatzen ari diren hitzaldiez gain, Donostiako gune ezberdinetara ere zabaldu da arriskuen kudeaketari buruzko dibulgazio lana. Easo Politeknikoan egin zen sute-ariketaz aparte, 23 zahar-etxetan eskaini dute instalazio elektrikoen erabilera seguruari buruzko prestakuntza.

Korta eraikinaren kanpoaldean jarritako karpan, sute egoera batean zer egin ikasten ari dira gaztetxoak, eta suhiltzaileek nahiz osasun-profesionalek erabiltzen duten materiala ezagutu dute. Besteak beste, sute simulazioetan parte hartu eta horrelako kasu batean sortzen diren gasekin ez intoxikatzeko aholkuak jasotzen ari dira. Ikastaroak eskaini dituzten profesionalek argitu dutenez, arreta jasotzen duten pertsonen %85-90 kea arnastearen ondorioz konortea galdu dutenak dira; beraz, ezinbestekoa da hil edo biziko egoera horietan zer egin jakitea. Suhiltzaileak jarraibide garbiak ematen ari dira ikasleei: lehendabizi, ateak eta leihoak itxi behar dira eta, berehala, 112 zenbakira deitu eta surik ez dagoen gela batean geratu. Behin ketik isolatuta, gertuen dagoen leihora gerturatu beharko litzateke kaltetutako pertsona, eta kaleko jendeari laguntza eskatu.Niños_2

Bestalde, neska-mutilek salbamendu eta lehen laguntzak emateko oinarrizko neurrien inguruko prestakuntza jaso dute, eta Heimlich maniobra eta BBB (bihotz-biriketako bizkortze) teknika ikasi dituzte. Egunero 3.000 dei baino gehiago jasotzen dituen 112 zenbakiaren funtzionamendua ere ezagutzen ari dira ikasleak egunotan.

Petrokimikako lantegietako arriskuen ebaluazioa

Oscar Herrera kimikariak eta Vicent Pons i Frigola industria-ingeniariak petrolioaren eta gas naturalaren erauzketarako instalazioetan gerta daitezkeen arriskuak ebaluatzeko teknika analitikoa aurkeztu dute. Hizlariek industria petrokimikoak egoera arriskutsu ugari sor ditzakeela aitortu dute, “erabilitako produktu kimikoen erreaktibotasun altuak erabat suntsitzaileak diren istripuak” eragin baititzakete. Suteen, toxikotasunaren eta leherketen ondorioz gertatutako istripuek biktima eta zauritu ugari izaten dituzte, eta kalte handiak eragiten dituzte instalazioetan. Hori dela eta, arriskuen prebentzioa bereziki garrantzitsua da sektore horretan, “gerta liratekeen istripuen ondorioak arintzeko jarraibideak” lortu eta biziak salba daitezkeelako era horretan. Adituek Ekialde Hurbileko petrokimikako lantegi batean inplementatutako teknika aztertu dute, quantitative risk assessment (QRA) izenekoa.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *