Iruñeko eta Calahorrako 23 urteko bi gazte hil dira Eibarren

23 urteko bi gazte hil dira eta 26 urteko bat larri zauritu, gaur goizean, Eibarko saihesbidean izan den trafiko-istripuan, N-634 errepidean. Seat Ibiza markako auto batek eta kamioi batek elkar jo dute aurrez aurre, Donostiako noranzkoan. Kolpearen ondorioz, ibilgailu bakoitza elkarrengandik hainbat metrora geratu da: kamioia mendia jota, eta autoa, tuneleko ormaren kontra.

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, autoaren barruan hiru lagun zihoazen eta ibilgailu barruan harrapatuta geratu dira hirurak; horietatik bi istripuaren tokian bertan hil dira eta hirugarrena larri dago. Suhiltzaileek atera behar izan dute auto barrutik eta Donostiako Ospitalera eraman dute. Kamioiaren gidaria, berriz, onik dago.

Eibarko saihesbideko Amañako tunelean izan da ezbeharra, 08:45ean. Errepidea itxi egin dute, bi noranzkoetan, eta herri barrutik eta AP-8 autobidetik bideratu dute trafikoa. 13:30 inguruan zabaldu dute, berriro. Eibarko erdigunean auto pilaketa haundiak izan dira

Hildakoetako bat Calahorrakoa da, eta bestea, Iruñekoa. Larri zauritu dena, donostiarra. Elgoibarko Makina Erremintaren Institutuan ingeniaritza ikasketak egiten ari ziren hirurak. Eibarren dagoen ikasleentzako egoitzan igarotzen zuten astea, eta handik, Elgoibarrerako bidean zihoazen istripua izan denean.

Saihesbide ‘oso arriskutsua’

Miguel de los Toyos Eibarko alkateak sahiesbidea ‘oso arriskutsua’ dela salatu du eta Gipuzkoako Foru Aldundiari errepidearen egoera azter dezala eskatu dio, istripu gehiago gerta ez dadin.

Eneko Andueza Eibarko Udaleko zinegotzi sozialistak ere, Euskadi Irratian esan duenez, 2011n saihesbidea zabaldu zutenetik 12 bat lagun hil dira errepide horretan izan diren trafiko-istripuetan. Saihesbide ‘oso arriskutsua’ dela esan du.

www.eitb.eus & www.diariodenavarra.es

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.