“Ziberdelinkuentziaren aurkako borrokan 3-0 galdu dugu joanaldiko partidara ez agertzeagatik”

Arriskuen eta Larrialdien Kudeaketari Buruzko XII. Jardunaldietan parte hartu duten zibersegurtasun arloko adituek diote entitateak eta enpresak oso atzeratuta daudela ziberdelitugileei dagokienez. Geroz eta informatizatuagoa dagoen mundu honetan, arriskuak txikitzeko sentsibilizazio-lan ugari garatu gabe dagoela adierazi dute hizlariek. Gehitu dute delinkuentzia mota horri aurre egiteko beharrezkoa dela jakintza elkarbanatzea eta baliabide gehiago egokitzea.

Valentziako Global Omnium Uren Jasangarritasun Korporatiboko zuzendaria den Juan Luis Pozok grafikoki azaldu duenez, “Ziberdelinkuentziaren aurkako borrokan 3-0 galdu dugu joanaldiko partidara ez agertzeagatik. Arazoaren larritasunaz kontzientzia hartzea beharrezkoa dugu, bueltako partidan parte hartu ahal izateko behintzat. Bestela, galdu dugula onartzeak gure bizitza-ereduaren desagerpena ekarriko luke”.

Azpiegitura kritikoetan kaltea eragin dezaketen larrialdiei erantzutearen beharra azpimarratu du Juan Luis del Pozok, uraren kudeaketa kasu. Valentziak sistema informatiko konplexua erabiltzen du eta, horri esker, Europan eraginkortasun hidrauliko altuena duen hiria da. Aldi berean, sistema hori oso gutiziatua bilakatu da. “Sartzeko ate bat aurkitzea guztiak babestea baino errazagoa da”, baieztatu du Pozok.

Rafael Rosell-ek, Zibersegurtasunean espezializatua den Grupo S2 enpresako zuzendari komertzialak, gogorarazi du ziberdelinkuentziak droga eta prostituzioak batuta baino diru gehiago mugitzen duela. Gainera, gero eta ahultasun gehiago daudela ohartarazi du, “guztia sarera konektatzen baitugu”, inolako segurtasun irizpiderik gabe.
Eraso mistoak

Gipuzkoako Entzutegi Probintzialeko informatika delituetako fiskal ordezkari Jorge Bermudezek baieztatu du “Googlek guk baino gehiago dakiela guri buruz”, eta eraso mistoak ugaritzen ari direla ohartarazi du; “ziberespazioa eta mundu fisikoa uztartzen dituzten horiek”, hain zuzen.

Iberia eta Israel de Accenture enpresetan ziberdefentsako ardura duen Floren Molinak nabarmendu du ziberkrimenen industriaren xede nagusia dela euren estrategiak dibertsifikatu eta erasoen errentagarritasuna ahalik eta gehien handitzea. Estatuak ziberkrimenari aurre egiteko prest ez daudela ohartarazi du, teknologia-enpresek Estatuek beraiek baino informazio gehiago baitute, bere esanetan.

S21sec enpresako fundatzaileetako bat den Igor Unanueren aburuz, zibererasoak saihesteko neurri nagusia da zaintza indartzea eta erasoaren inguruko ahal bezainbeste informazio lortzea, baita babesteko irtenbideak bilatzea ere. Denbora behar duen prozesua da. Symantec enpresako aditu Ramses Gallegok jakinarazi du ezinbestekoa dela sektore guztiei (osasuna eta finantzak barne) eragiten dieten arriskuak garaiz ulertzea, eta konputazio kuantikoaren gaineko ezagutzetan sakontzearen garrantziaz ere aritu du.

Patxi Sánchez Memoriala

Bigarren jardunaldian Patxi Sánchez Memoriala jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Imanol Lasa Gobernantza eta Komunikazio diputatuak jaso du golardoa jardunaldien koordinatzaile nagusi Fernando Larrañagaren eskutik, eta azpimarratu du Diputazioak konpromisoa hartzen duela Gipuzkoako erronkei elkarlan publiko-pribatutik aurre egitea helburu duten horrelako ekimenekin.

May 30, 2018

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *