- Donostiako Institutu Politeknikoko 100 irakaslek eta 500 ikaslek hartu dute parte biktimen erreskatean, Udaltzaingoko 8 agenterekin, 12 suhiltzailerekin eta 10 osasun-langilerekin batera
- Ariketa honen helburua da esku-hartze, segurtasun eta osasun zerbitzuen koordinazioa hobetzea, baita biztanleria sentsibilizatzea ere, larrialdi batean nola jokatu jakiteko
- Arrisku eta Larrialdien Kudeaketari buruzko XI. Jardunaldiei hasiera eman die simulazioak, eta maiatzaren 18 eta 19 bitartean hitzaldi ugari egongo dira
• Ariketaren bideoa ikusi:
Arrakasta handiz gauzatu da gaur, antolatzaileen aburuz, biktimadun sute-simulazio ariketa Donostiako Easo Institutu Politeknikoan. Ekimenean parte hartu duten eragileek burututako ekintzari esker, hobetu egin ahal izango da etorkizunean gerta litezkeen gertakariei erantzuna emateko koordinazioa eta jarduketa. Ariketan esku hartu dute 100 irakaslek, 500 ikaslek, Udaltzaingoko 8 agentek, 12 suhiltzailek bi kamiorekin, eta DYAko 10 osasun-langilek 10 anbulantziarekin.
Goizeko 10:50ean entzun da institutuko alarma, bernizak gordetzeko gelan kea hauteman ostean. Minutu gutxi barru, ikasleak eraikinetik ateratzen zihoazen bitartean, suhiltzaileen kamioiak eta anbulantziak iritsi dira, udaltzainekin elkarlanean erreskateari ekiteko. Eraikinaren barnean ezarritako ke-makinei esker, zehaztasun handiz sortu ahal izan da benetako ezbehar baten sentsazioa.
Simulazioan dozena bat pertsona artatu dituzte: sei ke-intoxikazio, bi pertsona mugikortasun gutxiko egoeran, harrapatutako biktima bat, eta keak erasandako azken pertsona bat antsietate sintomekin. DYAko kideak arduratu dira zaurituen karakterizazioa egiteaz, eta politeknikoko ikasleen lana ere nabarmentzekoa izan da. Izan ere, biktimen, ez zaurituen eta ikusleen rola egiteko boluntario eskaini dira gaztetxoak.
Ariketa horren xedea esku-hartze, segurtasun eta osasun zerbitzuen koordinazioa hobetzea zen, eta baita larrialdietan nola jokatu behar den ezagutaraztea ere. Beste eginbeharren artean, udaltzainek, suhiltzaileek eta DYAko langileek suaren kontrola eta sutea itzaltzeko lanak burutu dituzte, baita eraikinaren ebakuazioa eta Aginte Postu Aurreratuaren instalazioa ere. Horretaz gain, behin-behineko ospitalea ezarri dute, eta, biktimen salbamendu, arreta eta ebakuazioaren ondoren, zaurituen senideei harrera eta laguntza emozionala eman diete. Biktimak erreskatatu eta artatu ondoren amaitu da ariketa, 11:30ean.
Simulazio-ariketa hau maiatzaren 18an eta 19an Donostian burutuko den Arrisku eta Larrialdien Kudeaketari Buruzko XI. Jardunaldien baitan garatu da. Arrisku eta larrialdien hainbat adituk hartuko dute parte datorren ostegunerako eta ostiralerako antolatu diren hitzaldietan