Illunben edo Belodromoan inbertitzeko eskatu du Argomanizek, ekitaldien antolakuntza sustatzeko

  • Get In enpresako sustatzaileak Arrisku eta Larrialdien kudeaketari buruzko XI. Jardunaldietan parte hartu du eta aretoaren edukiera kontrolatzen ez duten doako ekitaldien arriskuez ohartarazi die bertaratutakoei
  • Deustuko Unibertsitateko Turismo departamentuko irakasle Marina Abadek Donostian “saturazio turistikoa” ez dagoela defendatu du. Hala ere, turismo maila egokia mantentzeko adierazle-sistema martxan jartzea gomendatu du irakasleak
  • Gipuzkoako Aseguru Artekarien Elkargoko Ignacio Garayalde Vélazek ekitaldien antolakuntza-araudia betetzea zaila dela nabarmendu du “arau asko” egotearen ondorioz
  • Jardunaldien irekiera egun honetan, Tecnalia enpresari Ahalegin eta Berrikuntza saria eman zaio

Get In enpresako sustatzaile Iñigo Argomanizek instituzioei eskatu die, “garestia bada ere”, Donostiako Belodromoaren eta erabilera anitzeko Illunbe eraikinaren egokitzapenari ekiteko. Izan ere, egungo segurtasun araudia jarraituz, bi estadioetan 8.000 eta 10.000 pertsonako ekitaldiak burutzeko aukera egongo litzateke. Azken 27 urteetan Donostian egin diren kontzertu handi gehienen arduradunak ziurtatu du hiria aurrekaria izan zela kontzertuen antolaketan, baina “garai berrietara ez dela egokitu”.

UPV/EHUko Joxe Mari Korta zentroan hasi diren Arrisku eta Larrialdien kudeaketari buruzko XI. Jardunaldietan, Argomanizek gogorarazi die bertaratuei 80. hamarkadan Roxy Music taldeak edo Miguel Ríos abeslariak 16.000 ikusle bildu zituztela Anoetako Belodromoan, orain “astakeria” sinestezina iruditzen zaigun datua. Izan ere, eraikin horren edukiera 5.000 pertsonara mugatzen da gaur egun.

Hori dela eta, Argomanizen iritziz, premiazkoa eta ezinbestekoa da Illunbe ala Belodromoa egokitzea hiriak segurtasun neurri guztiak izango dituen eta 10.000 parte-hartzaile hartuko dituen espazioa izan dezan, “5.000 ikusleko ekitaldiak, kostuak kontuan hartuta, ekonomikoki bideragarriak ez direlako”. Horrez gain, ohartarazi du Bilbo, Gasteiz, Logroño, Santander eta Zaragoza bezalako inguruko hirien azpiegiturak Gipuzkoako hiriburuan ez ditugula.

Era berean, aretoaren edukiera kontrolatzen ez duten doako ekitaldien arriskuez ohartarazi die Argomanizek bertaratutakoei, eta batzuetan ekitaldi horien neurriak “ez direla hain gogorrak” deitoratu du, eraikin itxietan sustatzaile pribatuei eskatzen zaizkien segurtasun neurriekin alderatuta.

Kontzertuen antolakuntzari dagokionez, Ignacio Garayalde Vélazek, Gipuzkoako Aseguru Artekarien Elkargoko abokatuak, aditzera eman du zaila dela arauak zehatz-mehatz betetzea, araudia «gehiegizkoa» baita. Hala ere, gogorarazi du «legea ez ezagutzea ez dela berau ez betetzeko arrazoi». Aholku moduan, eginbehar eta ardura guztiak ongi mugatzea gomendatu du, enpresa parte-hartzaileentzat nahiz langile eta boluntarioentzat.

Jardunaldiaren inaugurazioa

Donostiako Udaleko Sustapen Ekonomiko, Merkataritza, Ostalaritza eta Turismo zinegotzi Ernesto Gascok hartu du parte inaugurazio jardunaldietan, eta goraipatu egin du arrisku eta larrialdien arloan diharduten profesionalen esfortzua. Mugikortasun eta Hiri Segurtasun zinegotzi izan zen urteetako ardurak gogora ekarriz, edozein ekitaldiren antolakuntzan beharrezkoak diren prebentzioa eta planifikazioa aipatu ditu. «Lanean jarrai dezazuela eta gu konturatu ez gaitezela» esan die jardunaldietako partaideei mintzaldiaren amaieran.

Bestalde, Gipuzkoako EHUko campuseko Unibertsitate Hedakuntzako zuzendari Antonio Casado da Rochak, berriz, jardunaldiak «emankorrak» izatea espero du, «gizarte-eskaera bati erantzunez antolatu baitira». Halaber, soziologoak «larrialdi gizarteaz» hitz egiten ari direla gaineratu du.

Donostiaren saturazio turistikoa

Deustuko Unibertsitateko Turismo irakasle Marina Abadek jakinarazi du Euskadi eta, partikularki, Donostia saturazio turistikotik urrun daudela. Baina onartu duenez, gizartean zabaltzen ari da «gehiegizko» bisitariak datozenaren ustea. Hori dela eta, turismoa gehiegizko mailara noiz iristen den hautemateko adierazleak ezartzeko aholkua eman du.

Egoera honen aurrean, nabarmendu du eragile publiko eta pribatuen erronka dela ekonomia, ingurumen eta gizarte arloetako jasangarritasuna bermatzea, bertako hiritarren ikuspuntua kontuan hartuz.

Sari banaketa

Tecnalia enpresak jaso du jardunaldietan banatutako Ahalegin eta Berrikuntza saria. Ekimenaren koordinatzaile nagusi Fernando Larrañagak entregatu dio golardoa teknologia-zentroko proiektu arduradun Nieves Murillori. Tecnaliako ordezkariak, saria eskertuz, baieztatu du horrelako sariek «gero eta gizarte seguruagoaren alde lan egitera» animatzen dietela.

 

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *